Elorrio_Gaiak azalpena

ES

Elorrioko HAPOren gaiak

HAPOk ikuspegi integrala sortuko du Elorriok nolakoa izan nahi duen jakiteko, bai epe laburrean, bai ertainean, bai epe luzean. Horretarako, taldean eta elkarlanean, honako galdera hauei buruzko gogoeta egin behar dugu:

•  Zer udalerri-eredu nahi dugu?
•  Bizi, lan egin, gozatu... ahal izateko udalerria?
•  Horretarako, nola planifikatu behar dugu gure herria?

Azken horren ulermena errazteko, hau da, nahi dugun udalerriaren eredua lortzeko Elorrio nola planifikatu behar dugun jakiteko, HAPO berriaren edukia bederatzi gairen inguruan egituratzen da.

Lehenengo hirurak espazioei buruzkoak dira (naturarentzat, mugitzeko eta etxetik gertu gozatzeko; hau da, ingurune naturala, mugikortasuna eta espazio publikoa). Hiru bigarrenak bizitzeko, lan egiteko/erosteko eraikinei eta zerbitzuak ematen dizkigutenei buruzkoak dira (hezkuntza-, osasun-, kirol-, kultura- edo laguntza-ekipamenduak). Azkenik, zeharkako gaiak daude: ondarea eta nortasuna, klima-aldaketa eta osasuna, eta inklusibitatea eta euskara. 

 

INGURUNE NATURALA

Ingurune naturalak helburu du lurzoru naturala eta Elorrioko biodibertsitatea babestea, ingurumen-arriskuak murriztea eta natura- eta hiri-paisaiak integratzea.

MUGIKORTASUNA

Mugikortasunak aldameneko udalerriekiko lotura zein Elorrioko barne-mugikortasuna hobetzea jasotzen du.

Komunikabide jasangarri eta aktiboenak lehenetsi behar ditu: oinezkoak eta bizikleta, eta, ondoren, garraio publikoa. Era berean, ibilgailu pribatuen zirkulazio- eta aparkaleku-beharrei erantzun behar die.

ESPAZIO PUBLIKOA

Espazio publikoa hirigintza-aktibo nagusia da, edozein udalerriko “egongela”. Hiri-parke handiak eta espazio libreak zein hurbileko parke edota plazak barne hartzen ditu.

ETXEBIZITZA

Etxebizitzaren gaiak helburu du Elorrioko herritarren etxebizitza-beharrak asetzea. Etxebizitza-motak ere aztertu nahi ditu: etxebizitza txikiagoak, alokairukoak, babesekoak, gazteentzakoak, bizitegi-eredu berriak, etab.

Plan berriak hainbat alternatiba aztertuko ditu bizitegi-kuantifikazio eta kokapen ezberdinekin bizitegi-garapen berrietarako.

Hausnarketarako funtsezko galderak: Populazioan hazi nahi dugu? Gauden bezala geratu? Biztanleria murriztea?

JARDUERA EKONOMIKOA

Jarduera ekonomikoak jarduera hori gauzatu ahal izateko lurzoruaren eta eraikuntzaren aurreikuspenari dagozkio, eta Elorrion bertan enplegua sortzeari lotuta dago. Merkataritza, industria, zerbitzuak, lehen sektorea, etab.

Hausnarketarako funtsezko galderak: Elorrion bizi eta lan egin nahi dugu? Badugu lan-eskaintza nahikorik Elorrion? Eta merkataritza eta zerbitzuak? Zer jarduera ekonomiko mota bultzatu behar ditugu?

EKIPAMENDUAK

Ekipamenduek herritarrei gizarte-ongizateko zerbitzuak ematen diete eta, nagusiki, hurrengoak dira: hezkuntzakoak (eskolak, ikastetxeak…), osasunekoak (osasun-zentroak), soziokulturalak (liburutegia, kultura-etxea, musika-eskola…), kiroletakoak (polikiroldegiak, kirol-zelaiak…), asistentziazkoak (adinekoen egoitzak), besteak beste.
Planak ekipamenduetarako erabilera eta kokapenak aurreikusiko baditu ere, batzuk udalez gaindiko beste administrazioen menpe daude (hezkuntza eta osasunekoak, Eusko Jaurlaritzaren menpe; edo asistentziazkoak, Aldundiaren menpe).

ONDAREA ETA IDENTITATEA

Ondareak eta identitateak kultura-ondarea eta ondare artistikoa mantentzea jasotzen du; hala nola, eraikin edo hiri-elementuak, banakakoak edo multzokatuak, arkeologia aztarnak eta udalerriaren nortasun-balioak.

KLIMA ALDAKETA ETA OSASUNA

Klima-aldaketa eta osasuna zeharkako gaia da, kalitatezko udalerria lortzeko asmoa duena, egungo biztanleentzat zein etorkizuneko belaunaldientzat.

Horretarako, jasangarritasunari buruzko alderdi orokorrak jasotzen ditu, baita klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzkoak ere.

Arintzea Elorrioko eta bere herritarren isurpenak murrizten laguntzen duen guztiari (HAPOrekin lotutakoa) dagokio. Bestalde, egokitzea gerta daitezkeen ondorio kaltegarriak aurreikustean datza, erantzuteko ahalmena handituz eta arrisku klimatikoen aurreko kalteberatasuna murriztuz. HAPOk horretan guztian lagundu dezake, energia-eraginkortasuneko, mugikortasun ez-kutsatzaileko eta azpiegitura berdeko neurrien bidez.

Osasun gaiak osasun fisikoa, mentala eta emozionala kontuan hartzen ditu. Horrek guztiak zerikusia du, batez ere, mugikortasun aktiboarekin (oinezkoena eta txirrindulariena), sedentarismoa murriztearekin, ariketa fisikoa egiteko eta kirola egiteko aukerekin, naturarekin kontaktuan egotearekin eta kutsadura murriztearekin (airea, zarata...).

INKLUSIBITATEA ETA EUSKARA

Inklusibitatea eta euskara Elorrioko HAPOren zeharkako gaia da, eta begirada espezifikoak eta beharrezkoak eskaini nahi ditu. Besteak beste, genero-ikuspegia eta belaunaldiarena (haurrak, gazteak eta adinekoak), baita mugikortasun murriztua duten pertsonena, migratzaileena, etab. Gai horrek HAPO berriaren hizkuntza-inpaktuan ere sakontzen du.

Azken batean, "beste betaurreko batzuk jartzea", HAPOk planifikatzen duen etorkizuneko Elorriok herritar guztien beharrei modu pluralean, inklusiboan eta integratzailean erantzun ahal izateko.

 

 

 

test